XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Mutilak gertakizun guztia zen bezala azaldu zion.
- Ez izan beldurrik - esan zion jainkozko neska hark -, dena behar bezala egingo da eta.
Esan bezala, berak lan guztia egin eta hamaikak baino lehen opil bat ekarri zion mutilari.
- Ondo zegok, lehenengo lana egin duk - esan zion Kastilloprankok jokalariari, opila mahai gainean ikusi zuenean.
Gero bigarren lana agindu zion.
Honela esan zion: - Hiru zaldi zeuzkeat nik, eta gaur arratsaldean hezi behar dituk hirurak.
Mutilak oso triste aldegin zuen Kastilloprankoren ondotik.
Berriz ere lehengo jainkozko neska agertu zitzaion eta: - Zer gertatzen zaizu?- esan zion.
Eta mutilak bere gertakizuna kontatu zionean, neskak esan zion: - Hiru zaldi horiek nire aita eta nire bi ahizpak dira; baina ez izan beldurrik, neuk lagunduko dizut lanbide horretan.
Eta hala, neskaren laguntzaz, hiru zaldiak makilkadaz hezi zituen.
Orduan Kastilloprankok hirugarren lana agindu zion.
- Nire alaba gazteenari itsasoaren erdian eraztun bat erori zitzaion, eta huraxe bilatu eta ekarri behar duk - esan zion.
Lehena eta gerokoa baino lan okerragoa iruditu zitzaion oraingo hau mutil gizarajoari.
Aurreneko alditan bezala, jainkozko neska agertu zitzaion, (...).